Tokiko gizarte-zerbitzuen inguruko esperientziak trukatzeko eta ikaskuntza kolektiboa bultzatzeko asmoz, Berrituz egitasmoak bere lehen topaketa antolatu du.
Egitaraua
Jardunaldiaren egitarauak Silvia Navarroren hitzaldi bat barne hartzen du, tokiko gizarte-zerbitzuen berrikuntzari buruz, ikaskuntza kolektiboko prozesu gisa, baita mahai-inguru bat ere, non, arduradunen eskutik, hiru jardunbide egoki azalduko diren:
- Enplegu sozialeko ekosistema, Beterri-Buruntzako (Gipuzkoa) udalena. Ekimen horrek erakusten du, zerbitzuen arteko koordinazio-arazo bat konpontzeko, batzuetan nahikoa dela elkartzea eta irtenbide adostu bat bilatzea hutsetik abiatuta.
- Zaurgarritasun-egoeran dauden Adinekoen Autonomia Sustatzeko Zentroa, Portugaleteko Udalarena (Bizkaia), beste zerbitzu batzuengatik arretarik jasotzen ez zuen pertsona-talde bati laguntzeko sortu zen, eta, gainera, zerbitzu horiek sarean lantzen ditu, adinekoei arreta emateko continuum bat sortzeko.
- Gurasoen Aurkako Indarkeria Egoeretan Garaiz Esku Hartzeko Programa, Gasteizko Udalarena, zientifikoki baliozkotutako metodologia batean oinarritzen da, eta partzuergo baten bidez garatu da Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikerketa-talde batekin.
Jardunaldiaren kronika
Arantxa Mendietak, SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko teknikariak, ongietorria eman zuen eta parte-hartzaileak aurkeztu zituen.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek nabarmendu zuen Berrituz-ek zein eginkizun izan dezakeen esku-hartze sozialaren esparruan berrikuntza eta kalitatea sustatzeko, ekimena Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen 2016-2019 Plan Estrategikoaren barruan kokatzen delarik.
Bestalde, Gorka Urtaran, Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteko presidenteak eta Gasteizko alkateak gizarte-politiken tokian-tokiko dimentsioa azpimarratu zuen, eta nabarmendu zuen zerbitzu berritzaileak abian jartzeak lagundu diela Gasteizkoa bezalako udalei azken urteetan izandako gizarte-beharren gorakadari eraginkortasunez erantzuten.
Ondoren, Imanol Ilárraz, SIISeko teknikari eta Berrituz programaren arduradunak, ekimen hau aurkeztu zuen, tokian-tokiko gizarte-zerbitzuetan interesgarriak diren tresnak eta jardunbide egokiak bildu eta ezagutarazi dituena. Programaren webguneak tresna teknikoen biltegi bat, esperientzien biltegi bat eta liburutegi elektroniko bat ditu tresna nagusi gisa. Gainera, Berrituz-ek foro birtual bat jarri berri du martxan, beharra izanez gero, honakoak egiteko aukera eskainiko dizuena:
- SIIS zentroari dokumentazio espezializatua eskatu.
- Programen eta zerbitzuen diseinuari, inplementazioari, ebaluazioari eta hobekuntzari buruz beste udalerri batzuei kontsultak egin.
- Eremu honetan interesgarria izan daitekeen edozein informazio mota zabaldu.
Kafea hartzeko etenaldi baten ondoren, Silvia Navarroren txanda iritsi zen. Berrikuntza prozesuetan eta antolakuntza ikaskuntzan erraztailea eta “Gizarte-zerbitzuetan bizitza adimenduna dago: berrikuntza, ikaskuntza kolektiboko esperientzia gisa” izeneko hitzaldia eskaini zuen, non:
- Gaur egun gizarte-zerbitzuen berrikuntza zergatik den ezinbestekoa aztertu zuen.
- Sormenaren eta berrikuntzaren arteko aldea azaldu zuen, bai eta berrikuntza-motak eta berrikuntzan esku hartzen duten gaitasunak ere.
- Pertsona sortzaile eta berritzaileagoak izaten lagun diezaguketen jarrerak eta estrategiak xehatu zituen.
- Erakundeen barruan prozesu berritzaileek nola funtzionatzen duten deskribatu zuen.
- Antolaketa-testuinguruetan berrikuntza bultzatzeko zenbait jarraibide proposatu zuen.
Jardunaldia amaitzeko, mahai-ingurua egin zen. Bertan, hainbat tamainatako euskal udalerrietako ordezkariek lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuetan hiru jardunbide egoki aurkeztu zituzten:
- Andoni Zulaika (Enplegu Sozialeko Ekosistema, Beterri-Buruntzako udalak)
- Javier Ruiz (Zaurgarritasun-egoeran dauden Adinekoen Autonomia Sustatzeko Zentroa, Portugaleteko Udala)
- Belén Ceberio (Gurasoen Aurkako Indarkeria Egoeretan Garaiz Esku-hartzeko Programa, Gasteizko Udala)