Deskribapena
Gizarte-ahultasun egoeran dauden udalerriko pertsonen harreman-integrazioko eta babeseko beharrei erantzuteko, Elorrioko Udalak Herrizaintza proiektua jarri du abian, gura gabeko bakardadean dauden pertsonentzako zaintza komunitarioa. Batez ere 65 urtetik gorako pertsonei eta laguntza sare eta gizarte harreman mugatuak dituzten emakume etorkinei dago zuzenduta.

Herrizainek gura gabeko bakardadean dauden pertsonak identifikatzen laguntzen dute, eta bi profil mota daude: profesionalak eta komunitarioak. Profesionalen taldea erizainek, gizarte langileek, farmazietako langileek, udaltzainek eta bestelakoak osatzen dute. Komunitarioak, berriz, auzo-alkateak, dendariak, tabernariak edota elkarteetako partaideak izan daitezke.
Bidelagunak, berriz, Elorrioko pertsona boluntarioak dira. Beraien eginkizuna gura gabeko bakardadean dauden pertsonei astean behin telefono deiak egitea da. Dei horiek egiteko eta pertsona horien beharrizanei erantzun egokienak emateko, formakuntzak jaso dituzte bidelagunek eta hilero koordinazio saioetan hartu dute parte.
Helburuak
Elorrioko proiektu aitzindari honek lehentasunezko lau helburu ditu. Alde batetik, gura gabeko bakardade egoeran edo/eta gizarte-isolamenduko egoeran egon daitezkeen udalerriko adineko pertsonak eta emakume migratzaileak identifikatzea. Era berean, bakardadeak pertsonengan dituen ondorioei buruz eta komunitateak egoera horiek aurreikusteko eta hobetzeko duen babesgaitasunari buruz herritarrak sentsibilizatzea. Gainera, gizarte-ehuna eta herritarren lankidetza indartzea funtsezkoa da proiektua gauzatzeko eta jarraitzeko. Eta azken helburu gisa, gura gabeko bakardade-egoeran dauden pertsonei laguntzeko ekintza zehatzak abiatzea.